XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta segur naiz, hurbildu eta ezagutu dituenak oro, bere so amultsuaz eta bere ele zintzoaz, behin betikoz hunki dituela, markatu; bat bakarra ez dela gelditu ahal izan, haren amodio eskainitik gozatu gabe!...

Bere olerkia beraz, bere izaitearen pare agertzen zaigu...

hitz guztiak pizatuak dira, lerro guztiek badute beren musika.

Eguneroko hitzak erabiliz eta goi ametsetan sobera galdu gabe, Manex Erdozainzi-Etxartek, hala ere, lilluratzen gaitu.

Badaki, behar den hitzaren ezartzen egoki den tokian.

Poesia, pazientzia lan bat da.

Eta hark bazuen pazientzia.

Erran nahi baita: barneko indarra.

Eta holaxet, alegia deusez, berak zioenez hinki-hanka, lehenik aitamak goretsiz, etxondoko haritza aipatuz;

ixilka, keinuka, zeiharka doan orga bideaz oroituz, bai eta presuner ohiak gogoan;

gero, han nonbait bidean, primadera bihotzean, amodio eta ele galduak goiti-beheiti, dolorezko izarren artetik, behar diren neurriak atzemanez, herria izerditan erakusten digu, eta askatasunaren amets zohardian, populu bat xutik!

HINKI HANKA olerki liburuaren ondoan uzten digu ere hitz laxoan edo prosan idatzi bat: Gauaren atzekaldean ezin hobeki itzulikatua, euskarak dauzkan aberastasun guztietaz baliatuz eta sendimendu adimendutsuak bere gogo argiaren zirritutik trebeki zabalduz.

Poeta zelakotz eta antzerkizalea, Monzon saria nori eskaint jakiteko, galdatu nion juje izaitea.

Nahiz oso lanpetua izan, gogotik onartu zuen eta badakit sekulako denbora pasa zuela antzerki bakoitzaren zilatzen eta pizatzen.

DABID ERREGE pastoralaren aztertzeko, Biblia harturik, goizeko biak arte ari izan omen zen, bila eta bila, historiaren ikertzen eta konparatzen.

Xehetasun hau bera nahikoa da ikusteko zer-nolako funtsa zuen Manex Erdozainzi-Etxartek; zein maite zuen lan ongi egina!